Orrialde bat egiten

Hasteko gidoia, jakina. Batzuetan zenbait esaldi, elkarrizketa esanguratsuenak, idatziak izaten ditut, koaderno batean edo beste artxibo batean. Baina gehienetan Wordeko plantilla honetan hasten naiz zuzenean idatzen. Orrialdearen lehen diseinua.
Testuak zuzendu eta gero, Photoshopen orrialdearen behin betiko konposizioa egiten dut.


Orrialdea A4tik A3ra handitzen dut, eta bineta zerrenda bakoitza paper arrunt batean inprimatzen dut. Orri horietan marrazten dut lapitzarekin, 0,5eko portaminaz, HB edo B minarekin.

Lapitzarekin egindakoa eskaneatu eta huts potoloak ordenagailuan konpontzen ditut. Prest dudanean, orrialdea muntatu eta beste begi batzuen azterketa gainditzera bidaltzen dut. Hasteko etxean bertan, gero Asiskori, eta, betiko legez, Iñaki Holgadori, nire epailerik zorrotzena.

Onespena jasota, berriz ere A3ko neurrian zerrenda bakoitza inprimatzen dut. Baina oraingo honetan tinta urdinez eta inprimagailuko paper berezi batean. Tintarako prest.

Sail honetarako marra lodi, zehatz eta irmoa nahi nuen. Lehen hiru kapituluak PENTEL Brush Pen zoragarriaren tintaz egin nituen gehienbat. Marra zuzenetarako eta zenbait xehetasunetarako PILOT G-TEC-C4 eta PILOTVBall GRIP 0,5 erabili nituen, eta noizean behin Faber-Castellen PITT artist pen B, gainazal zabalak betetzeko. Azkeneko hiru kapituluetan, aldiz, tinta digitala da. CINTIQ Wacom taula berria erosi nuen, eta, proba egin ondoren, pintzelarekin lortzen nuen emaitza berbera lortu nuen. Tinta ez da azkarrago ematen, baina bai lasaixeago, eta, jakina, etorkizunera begira, askoz merkeagoa da. Gehigarrien atalean kontatzen ditut garai hartako bizipenak.

Tinta amaiturik, eta orrialdea bere A4ko neurrira egokituta, kolorea emateko ordua da. ANUBIS 3.0rako kolore garbiak nahi nituen, oso ehundura gutxi erabili dut. Kolorea Photoshopen egina da. Orrialde honen tarteko pausoak ez nituen gorde, baina, beherago, kolorea nola ematen dudan erakusteko adibidea duzue.

ANUBIS 3.0, 12. orrialdea (Xabiroi 11. zenbakia).

Blogaren sarrera hau osatzerakoan, irudiak koloreztatzeko garatu dudan prozesuan erabateko anarkiak agintzen duela konturatu naiz. Marrazteko eta tindatzeko unean metodikoa eta zorrotza naizen bezala, behin ordenadorearen aurrean lasaiturik, fundamentua galdu, eta aldapeko sagarraren sudurraren puntan jartzen zaidana egin ohi dut bineta bakoitzean. Ez nuen uste, baina hala da.
Zenbat kalte egin duen CONTROL-Z komandoak! Azkenean, bineta parea aukeratu eta haren jarraipena egitea erabaki dut.

Anubis 3.0
lanerako kolore garbiak nahi nituen, trama eta ñabardura gehiegirik gabe. Gehienetan, hasteko, kolore sinpleak ematen ditut, margo-potoa eta pintzelaren tresnak baliatuz. Askotan, kolore bakoitza kapa ezberdin batean, eta gero kapa horri atxikitako beste kapa batzuetan itzalak eta distirak, pintzelaren tresnarekin. Itzalak eta distirak margotzeko kapa-fusio ezberdinak erabili ohi ditut. Gehienetan: NORMAL, MULTIPLICAR, LUZ SUAVE edo SUPERPONER. Koloreak osatutakoan kapak elkartzen joaten naiz, baina pertsonaiak eta atzealdea bereizturik mantentzen ditut, bukaerako akaberak egin arte.

ANUBIS 3.0, 16. orrialdea (Xabiroi 13.zenbakia).

Amaitzeko, kolorea zuzentzeko eta irudiaren argia bateratzeko hainbat kapa berezi erabiltzen dut. Lehenik, COLOR fusioaz kolore bat bineta guztiari eman, xuabe-xuabe. BRILLO/CONTRASTE ukitu bat hor, TONO/SATURACION ukitu bat hemen, edo IGUALAR COLOR apur bat. Eta kito. Hobe bere horretan uztea, egindako lana izorratu aurretik. Bihar begi berriez ikusiko dut.

Dena den, beste batzuetan bineta osoari oinarrizko kolore bat ematen diot eta gero, fusio-kapa ezberdinetan, xehetasunak eta kolore gamak. Honako binetan adibidez:

ANUBIS 3.0, 16. orrialdea (Xabiroi 13.zenbakia).

1 comment:

josumaroto said...

ona motel, oso lan polita eta adierazgarria gainera. Mila esker!!! pentel brush, pilot g tec, eta ametsezko wacom cintiq-a...