
Dena dela, segituan harrapatu ninduen ale horretako artikulu nagusiak: El LIBRO DE LOS MUERTOS. Una guía para el más allá. Egiptoarrek heriotzaren inguruan sortutako mito eta ohiturek ederki asko liluratu ninduten, eta balantzaren mitoa, arimaren pisatzea, oso erakargarria iruditu zitzaidan. Baina garai horietan TeleATOIko istorioa hasi berria nuen, nire aurreko komikia, eta ordenagailuaren mahaiaren alboan dudan apalean utzi nuen aldizkaria, aurrerago izango zuen aukeraren zain.
Ez dakit adinagatik izango zen, edo tarteka guztioi gertatzen zaigun betekadaren ondorioz, baina inguratzen gaituen ergel sarearekiko sumindura adierazteko beharra sentitu nuen TeleATOI bukatzen ari nintzenean. Arima, kontzientzia eta horrelako sakontasun zehaztugabeetan sartu gabe, psikostasiaren kontzeptua oso egokia zen horretarako. Arimarik gabeko ergelak! Ideiak hasieratik konbentzitu ninduen. Banituen hurrengo istorioarentzat aitzakia eta haria, eta, gainera, istorio autokonklusibo laburrak egiteko zinez egokia zen. Idazten hasi nintzen.
Idatzi eta gero nora heldu ote naizen? batek daki! Baina, tira, zuek esango didazue abenturak pena merezi izan duen ala ez.
No comments:
Post a Comment