
Gizarteak – nor/zer ote zen gizartea?- sistema bat aukeratzen du bizikidetza antolatzeko. Muga fisikoak adosten dira. Demagun: Zorolandia edo Zuhurlandia. Sistema politikoa ere bai. Demagun: Monarkia-demokratiko-alderdi-bikoa edo diktadura-iraultzaile-alderdi-bakarra. Eta sistema politiko horri atxikita sistema ekonomikoa. Demagun: liberalismo-basatia edo komunismo-pribatua. Bizikidetza antolakuntzaren oinarriak ipinita, antolakuntza horren iraupena bermatuko duen araudia idazten da: legea. Ederki, badugu sistema bat eta sistema horretan nola jokatu behar den adierazten digun araudia.

IRITZIGILE PROFESIONALAK. SEGURTASUN INDAR PARALELOAK
Sistemaren iraupena bermatzeko, bere araudia betearazteko, segurtasun indarrak daude: polizia eta armada. Indarkeriaz aritzen direnak, jakina. Baina gaur egun, askatasun mozorroari eutsi nahian, komunikabideetako mezuaren kontrola erabiltzen da sistemaren iraupena bermatzeko. Modu sotilagoa eta eraginkorragoa. Telebista, egunkari eta irrati asko enpresa handi, banku eta alderdi politikoen zerbitzura ari dira; eta komunikabide horien lehen lerroan, esatari, zutabegile eta kalakari mertzenario sorta amaigabea.
Bazterrak nahasten trebeak, eta nagusiaren eskua miazkatzen are trebeagoak. Euren iritzia diru truke saltzen dutenak eta ezberdinaren aurkako mezu bortitza zabaltzen dutenak. Harroputzak, demagogikoak, dogmatikoak. Soldatapeko iritzi emaileak. Euren parean dagoena entzun nahi ez eta euren hitzaldi erraza behin eta berriz errepikatzen dutenak. Denak dira eztabaidak: zuk ez, nik bai. Solasaldi gutxi, elkarrizketarik ez. Gorrotoa ereiten han eta hemen dabiltza, euren tronu segurutik. Ez al daude askotan zaplastekoa ematen duen eskuaren atzean? Hori bai, atxilotuak beti zaplasteko jotzaileak.
Baina ez gaizki ulertu, ez nator kode penalaren hedatzea eskatzera. Ez ditut espetxeak esatariz edo kalakariz bete nahi – a ze pakea emango zuten, ezta?-. Ez dut, sikiera, presondegi-sisteman sinisten. Ez. Begirada zuzentzearekin konformatuko naiz. Gure begirada, gizarte tronpatuaren begirada, zaplastekoa jo duenarengana zuzentzeaz gain, zaplasteko horri arnas eman dion dogmazalearengana ere zuzentzea. Ardura senti dezan, amiñi bat, bederen.
Kalakari salduak. Batzuk besteak baino zimarkunagoak, batzuk besteak baino salduagoak. Denak guztiologoak. Gorrotogileak. Beti boterearen alde, beti ahularen aurka.
No comments:
Post a Comment