Gadu zaharrak bere robot zintzoari kontatzen dion bezala, egiptoarrak izan ziren arimaren pisatzea lehen aldiz aipatu zutenak. Nilo handiaren herriak erritu eta ohitura ugari garatu zuen heriotzaren inguran. “Iragana neurea da eta etorkizuna ezagutzen dut. Zer da? Iragana Osiris da, etorkizuna Re.” Hildakoen liburutik ateratako pasarte horrek ederki adierazten du egiptoarrentzat iragana heriotza dela, eta etorkizuna, aldiz, bizitza.
EGIPTOARREN HILDAKOEN LIBURUA. BI EGIEN GELA
Orduan, heriotzaren ondoren egiazko bizitza badator, hobe bidaia ondo prestatzea. Hildakoen liburua bidaia horretan ezusteko txarrik ez izateko asmatu zuten gida da. Formula bilduma mardula haratagoko mundu desiratuaren bila bidea lasai egiteko. Eguneko argira irteteko liburua zen, hain zuzen, bere jatorrizko izenburua. Hainbat bertsioren ondoren, XXVI. dinastiaren garaian, k.a. 664. urtean, heldu zion bere behin betiko egiturari 165 ataletan banatua. Liburuaren unerik gorena balantzaren epaiketari dagokio. Hilobiaz haraindiko bide luzea arrakastaz zeharkatu ondoren, zendua Bi egien gelara iristen zen, Osirisengana, hildakoen jainkoa. 42 epaileen aurrean, jainkoak denak ere, hildakoak bere ekintzen aitorpena egin behar zuen: “… Ez diet minik egin gizasemeei. Ez dut inor zapaldu. Ez dut gezurrik esan. Ez dut traiziorik egin. Ez naiz gaiztoa izan. Ez dut malkorik eragin… “.
Bitartean, Anubis jainkoak, epaituaren alboan, honen bihotza balantza batean pisatzen zuen egia esaten ari ote zen ziurtatzeko. Alde batean zenduaren bihotza, eta bestean ostruka luma bat, Maat egiaren jainkoa irudikatzen zuena.
Balantzak egiaren alde egiten bazuen prest zen hildakoa betiko bizitzaz gozatzeko; bestela, Ammit jainkosa beldurgarriak bihotza jaten zuen, zenduari behin betiko heriotza eraginez.
Adimenak eta konzientziak bihotzean zuten egoitza egiptoarrentzat, hortaz, baltsamatzaileek arreta handia jartzen zioten momifikazio prozesuan. Askotan, bihotzaren lekuan kakalardo itxurako zinginarri bat ipintzen zen, Kheper jainkoa, eta bere oinarrian Hildakoen liburuko XXX. atala grabatzen zen: “O neure bihotza neure amarena, neure izatearen bihotza, ez zaitez nire kontrako lekukoa izan. Ez egin nire aurka epaimahaiaren aurrean. Ez adierazi nirekiko haserrea balantzaren zaindariaren aurrean. Zu zara nire ka nire gorputzean dagoena, nire gorputz-adarrei salbazioa ematen diozun Khnum-a, heldu garen leku perfektu honetara heldu garen honetan. Ez utzi gure izenari kiratsa botatzen gizakiak zutiarazten dituen batzarraren aurrean. Poz gaitezen! Poz gaitezen epaiketa bihotza beteta entzuten duen horrengatik! Ez gogoratu gezurrak jainkoaren alboan, jainko handiaren aurrean, Beste Munduko Jauna! Ikus ezazu zure ospea ahots zuzenekoa bazara!”.
Inork gaindituko al luke halako epaiketa bat? Idazten duen honek ez, bederen.
BESTE ERLIJIOETAN ERE PSIKOSTASIAK BERE LEKUA IZAN DU
Balantzaren mitoa, papiroa, garagardoa eta ogia bezala, mundura zabaldutako esportazio egiptoarra izan zen. Grekoek, kristauek, musulmanek, budistek eta hinduistek ere aipatu izan dute euren mito eta leiendetan.
ANUBIS 3.0, 5. orrialdearen zati bat (Xabiroi 11. zenbakia).
Eskuineko binetan, Pariseko Notre Dame elizaren Epaiketaren atea.
Eskuineko binetan, Pariseko Notre Dame elizaren Epaiketaren atea.
Kristautasunean, adibidez, San Migel izan da balantza eustearen arduraduna. Adituek diotenez, egiptoar koptoak hasi omen ziren San Migel gurtzen, aintzinako egiptoarren Thoth eta grekoen Hermes jainkoen nolabaiteko parekotasun baten ondoren - Thoth bi egien gelako epaiketaren akta egiten zuen jainkoa da-. Europa osoan zehar zabaldutako arte erromanikoan psikostasiak presentzia argia izan zuen hasieratik.
Muiredacheko gurutzea. Monasterboice, Irlanda. X. mendea. (www.bluffton.edu)
Zangotzako Andre Mariaren elizaren ataria. XII. mendea. (blade_runner.blogia.com)
Zangotzako Andre Mariaren elizaren ataria. XII. mendea. (blade_runner.blogia.com)
21 GRAMO. DUNCAN McDOUGALL DOKTOREA
Denborak aurrera egin eta arimarekiko kezka bere horretan segitu zuen. Arrazionalismoaren etorrerarekin zientziaren argia hainbat mitoen lotsariak agerian uzten hasi zen. Baina, ez denak. XX. mende hasieran Duncan McDougall doktorea arimaren pisua zehazten saiatu zen, Massachussets estatuko Haverhilleko ospitalean. Horretarako, hilzorian zeuden sei gaixo pisatu zituen berak asmatutako ohe-balantza ultrasentikorretan. Pisatzeak amaitu zituenean, hildakoek, azken hatsaz gain, batez besteko 21 gramoko pisu galera izaten zutela atera zuen ondorio, eta horrela publikatu zuen American Medicine aldizkarian 1907ko apirilean.
Baina Frankestein doktorearen aprendiz honen ikerketan bazegoen hainbat puntu ilun, eta gainerako zientzialariek ez zizkioten emaitzak aintzat hartu. Egiptoar zaharrak bezala egia bihotzez esan behar badugu, McDougall jaunak lardaskeria galanta egin zuen. Sei laguneko lagina txikia bazen, horrez gain, bi gaixo pisatu aurretik hil zitzaizkion, pisatu zuen lehenak 21,3 gramo galdu zituen, eta beste hirurek 10-45 gramoko galerak izan zituzten.
Dena den, zientzialarien komunitatearen haserreagatik ere, McDougall doktoreak bere ikerketekin jarraitu zuen, baina ez zioten utzi gizakiekin saikuntzarik berriz egiten - nahiz eta aurrekoan senitartekorik gabeko gaixoak aukeratzeaz ondo arduratu -. Oraingo honetan 15 zakur hartu zituen, eta gaixorik egon ezean, berak pozoitu zituen hilurreneko zakurrak bihurtuz. Frankestein doktorearen aprendiza izateko azterketak gainditu ez, eta Moreau doktorearen ikasle bilakatu zen. Azkenean, zakurrek ez zuten pisu galerarik izan, doktoreraren eskuetatik ihesi beste mundura joan zirenean. McDougallen ondorioa biribila izan zen: animaliek ez dute arimarik. Medikua 1920. urtean hil zen erabat marjinaturik.
FRANCIS CRICK ETA NEUROTRANSMISOREAK. 21 GRAMO BERRIZ ERE
Hala ere, etorkizunak keinu barregarri bat gordetzen zion McDougall doktoreari. Francis Crick nobel sariduna ere, 1953an James Watsonekin batera - eta Rosalind Franklinen laguntzaz- DNAren helize bikoitza aurkitu zuena, gizakiaren konzientzia bilatzen adorez saiatu zen. Bere ikerketek garuneko neurotransmisoreak zituzten oinarri, eta kanpotik datorkigun informazioa sailkatu eta arrazionalizatzen den garunaren gunea zehazteko ahaleginak egin zituen. Gune hori, neurona multzo hori, hiltzean desagertzen zela esan zuen, eta desagertutako egitura horri pisu bat egokitu zion: 21 gramo.
Bere bizitzaren amaieran, zientzialari bihurriak aitortu zuen LSD tragoxkaren batek ere lagundu ziola DNAren helizea aurkitzen. Herioren bisitan desagertzen den egitura misteriotsu horrek 21 gramoko pisua duela esateak, aurrekoaren egiaztapen, kasualitate hutsa, edo azidoaren gaindositxo baten ondorio izan daiteke. Agian bere lankide Watsonek homosexualitateaz eta arraza beltzeko gizakien ustezko adimen gutxiagotasunaz egindako adierazpenek, badute zerikusirik jai lisergiko horiekin. Dena den, bitxia da Crick doktore ospetsuak MacDougall petrikiloaren emaitza berberak aditzera ematea.
Bromak aparte, arimak 4 gramo, konzientziak 16, haraindiko mudua den edo ez den, bost axola niri. Anubis 3.0k ez du gizakien arimaren misterioaz hitz egiten. Ez da ariketa mistikoa izango. Baina konzientzia munduaren interpretazioaren ondorioz eraiki edo sortzen dugun zerbait bada, Anubis 3.0 komiki sailak interpretazio horretan kale egiten dugunon istorioak kontatzen ditu. Aurrean dugun lagun urkoaren sufrimenduaz eta bizitzaz jabetzen ez garen horienak. Munduaren azaleko azterketak egiten ditugun horienak.
Agian ez dugu gaitasunik analisirako. Agian ezin dugu gure ekintzen ondoriorik aurreikusi. Agian sinpleegiak gara. Agian berekoiak. Arimarik gabekoak.
Edo ez.
No comments:
Post a Comment