2005eko ekainean, Loiuko aireportuan zain, National Geographic-en HISTORIA
aldizkariko 18. zenbakia erosi nuen. Historia gustatzen zait, eta mito
zaharrak are gehiago, baina, egia esan, ez dut horrelako aldizkariak
erosteko ohiturarik. Asperraldia izango zen, edo kontsumo hutsaren
bultzada. Nire amak ezkutuko eragin misteriotsu batengatik izango zela
esango zuen, nik, ordea, txiripa hutsa.
Dena dela, segituan harrapatu ninduen ale horretako artikulu nagusiak: El LIBRO DE LOS MUERTOS. Una guía para el más allá.
Egiptoarrek heriotzaren inguruan sortutako mito eta ohiturek ederki
asko liluratu ninduten, eta balantzaren mitoa, arimaren pisatzea, oso
erakargarria iruditu zitzaidan. Baina garai horietan TeleATOIko
istorioa hasi berria nuen, nire aurreko komikia, eta ordenagailuaren
mahaiaren alboan dudan apalean utzi nuen aldizkaria, aurrerago izango
zuen aukeraren zain.
Ez dakit adinagatik izango zen,
edo tarteka guztioi gertatzen zaigun betekadaren ondorioz, baina
inguratzen gaituen ergel sarearekiko sumindura adierazteko beharra
sentitu nuen TeleATOI bukatzen
ari nintzenean. Arima, kontzientzia eta horrelako sakontasun
zehaztugabeetan sartu gabe, psikostasiaren kontzeptua oso egokia zen
horretarako. Arimarik gabeko ergelak! Ideiak hasieratik konbentzitu
ninduen. Banituen hurrengo istorioarentzat aitzakia eta haria, eta,
gainera, istorio autokonklusibo laburrak egiteko zinez egokia zen.
Idazten hasi nintzen.
Idatzi eta gero nora heldu ote naizen? batek daki! Baina, tira, zuek esango didazue abenturak pena merezi izan duen ala ez.
No comments:
Post a Comment