Eta bai, baliteke. Nekez izango da inor saskibaloi jokalari profesionala, baldin eta kode genetikoan metro eta erdiko garaiera aurreikusten bazaio. Baina are nekezago gogo eta lanerako prestutasunik gabe, bi metroko altuera izanda ere. Eta lasterketa-zerriak partida irabazten badu, bost axola niri! Zoritxarrez, egungo kirolean gihar-biopsiak zein odol-azterketak nagusitzen ari zaizkie pazientziari eta heziketari. Azken batean, gizakiaz nolako iritzia izan, halako metodologia aplikatuko, ezta?
KIROLA GIZAKIAREN ZERBITZURA ALA GIZAKIA KIROLAREN ZERBITZURA?
Baina kirola ez dago gizartearen gaitzetatik aske. Hipermerkatu handietako kutxazainak edota lantegietako kateetako langileak aberetzat hartu eta hala tratatzen badira, ez da harritzekoa goi mailako kirola ere ganadu-feria bihurtu izana.
Izan ere, eliteko kirolak neurriz kanpoko oihartzuna hartu du. Pentsa: telebistako albistegietan, esatari bakar batek politika zein kultura, bertako zein nazioarteko berri guztiak kontatzen dizkigu, eta beste batek kirol berriak besterik ez! Joko Olinpikoetan tregua militarrak egin izan dira. Erakunde publikoek sekulako aurrekontu-sailak eskaintzen dizkiote goi mailako kirolari, eta erlijioaren ordezkoa ere bihurtu dela diote beste batzuek.Ospea ahalbidetzen du, gizartearen esker ona eta, zenbait kasutan, diru etekin itzelak; eta, jakina, helburua erakargarria izanik, handinahia ere ondo errotu da bertan. Edozer egitea balekoa da. Osasunetik haratago doazen saioak egiten dira, behin eta berriz, gerora lesio kronikoak nahiz artrosi goiztiarrak eragingo dituztenak. Eta, nola ez, debekatutako substantziak ere hartzen dira. Batzuk beharrezkoak horrelako saioak jasan ahal izateko, beste batzuk arriskutsuak kirolariaren osasunarentzat, eta gehientsuenak albo-ondorio ezezagunak dituztenak. Dena den, bakotxa bere zoroa bizi dabe. Adinez nagusiak dira euren erabakiak hartzeko. Bai, ezta?…edo ez?
Ez, kirolariak ez dira errugabeak. Baina marka da gero, besteak beti onik ateratzea.
MIEL OTXIN ETA MARKITOS. GURE KLUBEKO IZARRAK
Amaitzeko, inauterietan erretzen den lastozko panpinari bezala, eliteko kirolariari ere su ematen zaio mundua bere oinetara jarri eta gero, eta laster batean abandonatua izaten da. Agur eta ohore. Edota, kasu gehienetan, ohorerik ez. Ez da erraza goi mailako kirola uztea, 30-40 urterekin zer egin ez jakitea, eta aurreko urtetan egunean hamaika orduz aritu zaren horretan, mailarik eman ezin, eta beste zerbait asmatu behar izatea. Kazetariren bat beti zain, eta orain inor ez. Haur eta gaztetxo mordoa sinadurak eskatzen, eta orain inor ez. Lehen munduaren miresmena, axolagabetasuna orain. Baina ez gaizki ulertu, ez dut proposatuko munduak miresmen horri betiko eutsi diezaion. Are haratago, miresmenik ez izatea nahiko nuke. Harritu egin gaitezke kirolariek egin ohi dituzten balentriekin, edota gozatu haien trebetasun ikaragarriak ikustean. Baina inola ere ez miretsi galtza motzetan saltoka dabiltzan gaztetxo hauen zilipurdiak. Bai, ahaztu egiten dugu maiz, galtza motzetan dabiltzan gaztetxoak besterik ez direla.
Nire ametsetan – beti ametsetan! - miresmena beste batzuentzat gordetzekoa da: berebiziko diru eskaintzari muzin eginez malariaren aurkako lehen txertoa OMEren (Osasunaren Mundu Erakundea) esku utzi zuen Manuel Elkin Patarroyorentzat, Amazoniako indigenen alde borrokan bere bizitza eman duen Pere Casaldaligarentzat, edota tortura eta heriotza isiltzea baino nahiago izan zituen Victor Jararentzat, adibidez. Noizko hauen argazkiak gure seme-alaben koadernoak apaintzen?
Dena den, jakin ezazue maite dudala kirola egitea. Biziki maite dut, gainera. Bere beharra dut. Astero elkartzen naiz sasi-pilotari talde batekin, auzoko trinketean nire trebetasun eskasak estutu eta haiekin gozatzeko. Gero, zerbeza eta Kas-limon pitxar baten aurrean solasean aritu eta ederki bazkaltzen dugu. Lasterketa-zerri laukote ederra.
No comments:
Post a Comment