Ezin tentazioari uko egin, ezin haserrea irentsi. REPSOL YPFren Etorkizuna asmatzen iragarki sonatuak teklatuaren aurrera ekarri nau, halabeharrez. Egia da telebistan denetatik ikustera ohituta gaudela, publizitatean are gehiago, eta ez dakit haurtzaroko xalotasunaren arrastoak diren edo, baina ez omen dut harritzeko gaitasuna galdu. Iragarki honek benetan harritu nau. Aitortu behar dut lehen aldiz ikusi nuenean bere edertasunak harritu ninduela, iragarkiaren lehen 58 segunduetan behintzat hala izan zen. Baina gero, bekainak kopetaren azkenera igoarazi zizkidana lelo aurpegia jartzeraino, eta nire kasuan marka da – ez lelo aurpegia ipintzea, kopetaren azkeneraino bekainak igotzea baizik – sortzaile batzuk agertzen duten begirune eza izan zen. Benetan uste al dute miloika ikuslek halako amarru aldrebesa irentsiko genuela? Agian haiek dira haurtzaroko xalotasuna galdu ez dutenak.
Nire sumindura teklatura isuri aurretik txangoa egin dut sarean eta, oro har, aho batezko haserrea izan da nagusi. Baina, bestelako iritziak ere irakurri ditut publizitate foro batzuetan iragarkiaren meritu estetikoak eta sortzaileen lana goraipatzen. Oraindik ere sariren bat jasotzen ikusi beharko dugu. Horregatik, bada ez bada, iragartzailea nor den gogorarazten lagunduko diguten hainbat kontu azalduko ditut, ea kontzientzia esnatu eta dagokion haserrea pizten zaigun.
NOR DA REPSOL YPF?
REPSOL YPF, Telefonica bezala, monopolio publiko batetik dator. 1980ko hamarkadan Espainiar estatuko petrolio domeinu guztiak bateratu zituzten INH (Instituto Nacional de Hidrocarburos) enpresa taldea sortuz. 1989tik aurrera hasi zen pribatizazio prozesua eta enpresak REPSOL izena hartu zuen 1996an. Jaioberriak, aperitibo gisa, Astra, Mexpetrol eta Pluspetrol hidrokarburo enpresa hegoamerikarrak jan zituen, baina ez zen sartu erraldoien klubean YPF argentinarra Menem presidentearen merkealdietan arpilatu arte. REPSOL YPF 2006an munduko 97. enpresa handiena zen diru-sarrera kopuruari dagokionez Fortune aldizkariak egindako Global 500 sailkapenean, eta jabetza publikokoa ez den munduko 8. hidrokarburo enpresa transnazional handiena.
REPSOL YPFk 1.17 miloi petrolio upel baliokide eguneko ekoizten ditu, eta 9 findegien jabea da: 5 Espainian, 3 Argentinan eta beste bat Perun. Olefinak, poliolefinak eta polietilenoa ekoizten dituzten 6 lantegi kimiko ditu: 2 Espainian, 3 Argentinan eta bat Portugalen. 2004 urtean bakarrik 4.104.000 tona gai petrokimiko saldu zituen. Meatze-eskubideak ditu Argentinan 2.483 hektareen gainean. Hidrokarburo erreserbak ditu, Espainian, Afrikako Iparraldean eta Ekialde Erdian, baina batez ere Argentinan, Bolivian, Brasilen eta Trinidad & Tobagon (hauek denak 2004ko datuak). Erraldoi honek ondo errotuak ditu hatzaparrak Hego Amerikan gasa eta petrolioa xurgatzen, espainiar inperioaren garaian urrea eta zilarra lapurtzen zen bezala. Gauza asko ez dira batere aldatu.
“GEHIEN AXOLA ZAIGUNA ZAINTZEN”… DIRUA, ALA NATURA?
Erraldoi bihurtze prozesuan, REPSOL YPFk, diru etekin ikaragarriez gain, salaketa ugari jaso izan ditu aldarrikatzen duen Lurraren babes horretan kale egiteagatik. 1995ean, adibidez, salaketa egin zioten Loma de Latako (Argentina) Colorado ibaian petrolio isuriak maiz egiteagatik. Geruza freatikoa gasolinaren kondentsatuekin kutsatu zen, eta bertan bizi diren mapuche herrietako biztanleen gernu eta odol azterketetan metal astunak aurkitu zituzten.
Argentinan ere, Llancanelo hezeguneko natura-erreserban auzia izan zuen hainbat egunez petrolio gordina kontrolik gabe isurtzeagatik. Oliobidearen tutuak, obra merketzearren, beira-zuntzekoak egin zituzten eta euriak hautsi zituen. Azkenean Mendoza probintziako auzitegi gorenak REPSOLen aurkako epaia eman zuen, eta Llancaneloko urmaelean hidrokarburoak ustiatzeko debekua berretsi zuen, behar diren azterketak egin arte. Aurreko ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa, bertako agintarien laguntzarekin, REPSOLentzat lan egiten zuten teknikariek egin zuten. Begira, honek ez nau harritu.
Eta abar, eta abar. Argentinan, Bolivian, Brasilen, Kolonbian…Luze, oso luze izango zen transnazional hau uzten ari den arrastoaren isla zehatz bat hemen irudikatzea. REPSOL YPFren nortasun agiria biribiltzeko, Boliviako Chaco lurraldeko Guarani Herriaren Biltzarrak, 2005eko azaroaren 14an, aditzera eman zuen komunikatuaren zati bat: “Jakinarazten dugu REPSOL YPF, guarani kulturari inolako begirunerik erakutsi gabe, Itika Guasu lurraldean sartu dela gure ingumenari hainbat kalte eraginez, gure basoak suntsituz, gure bizibidea diren basabereak uxatuz eta gure bizimolde komunala bortxatuz, hau da, REPSOL YPF gure kultura erailtzen ari dela” (komunikatu osoa irakurtzeko: rebelion.org).
YOUNG & RUBICAM. JAUNTXOAREN MORROIA
Ez, ez da REPSOL Lurraren zaindaria, gupidarik gabeko ustiatzailea baizik. Eta zer egokiago transnazional honen aurpegia garbitzeko beste transnazional baten xaboia baino. Iragarkia Young & Rubicam marketin eta komunikazio enpresa handiak egin du. Hain zuzen, Madrilgo bulegoak. Lotsa gutxi izan behar da norberaren buruari sortzaile deitu eta halako iruzur galanta prestatzeko. Sarean egindako txangoan, publizitateari buruzko foro batzuetako zenbait iritzitan iragarkia artelantzat jo dute. Ez, ez dut onartzen. Marketina ez da artea. Artea ezin da izan bere esanahiaz kanpo aztertu daitekeen ariketa estetiko bat besterik gabe. Eta mezua iruzurra bada, tresna ere iruzurra da. Nire ametsetan behintzat, artea beste zerbait da.
REPSOLen atzetik ENDESA etorri zaigu, eta hidrokarburoaren errege espainiarrak egin duen bezala, gure bihotza hunkitzeko asmoz etorri da. Behin eta berriz energia nuklearra goraipatzen aritu den enpresa honek gure seme-alaben etrokizuna irudikatzen duen iragarkia egin du, eta, herentzia gisa, hondakin erradiaktiboekin zer egin pentsatzeko sudokua utziko die.
Trankil, gure haurrak oso azkarrak dira eta zeozer asmatuko dute! Ene, ezin dut gehiago. Gabi, Fofo, Miliki eta Fofitoren zirkuan ere ez nuen txiste sorta hoberik entzuten. Gainera, hau guztia ENDESArena den Asco zentral nuklearraren jario erradioaktiboaren ondoren. Kasualitatea ote?…kausalitatea omen.
Dena den, ideia polita zen. Tatuajeen iragarkia, diot. Baina Young & Rubicam ez da hain originala izan iragarkia sortzerakoan, REPSOL YPF ustiaketan originala izan ez den bezala, eta ideia bera aurretik erabilia izan da. Ideia horren distira bere osotasunean ikusi nahi baduzue El Tio Carlos musika talde andaluziarraren Gente fea abestiaren bideoa ikusi. REPSOLen morroiei baino lehenago piztu zitzaien ideia, eta baliabide askoz gutxiagorekin, jakina, emaitza ederragoa lortu zuten. Mezu luze honen behazun isuria goxatzeko bihotzez gomendatzen dizuet ikuskizuna; eta, gainera, bukaeran ez zaizkizue bekainak kopetaren azkenera igoko… burusoilak izan ez arren.
Oharra: Datu gehienak Kataluniako ODGk (Observatori del Deute en la Globalització) egindako txostenetik atera ditut. Merezi du osorik irakurtzea: Dossier sobre Repsol YPF.
Beste artikulu interesgarri batzuk Repsol YPFri buruz Rebelión aldizkari digitalean:
• Repsol y el asalto a las reservas. Egilea: Andrés Soliz Rada
• Entre petroleras y ONG. Egilea: Andrés Soliz Rada
• Nos caímos del mundo. Egilea: Hugo Presman
• Impactos ambientales, sociales y culturales de Repsol YPF en territorios indígenas de Bolivia. Egilea: Monitoreo Indígena Independiente - Asamblea del Pueblo Guaraní
• Repsol YPF SA no contesta a una carta notarial enviada por el pueblo guaraní. Egilea: Asamblea del Pueblo Guaraní de Itika Guasu
No comments:
Post a Comment