Hala egiten zuen George Baileyk, James Stewartek antzezten zuen filmaren protagonistak, Bailey Building and Loan Association elkartean. Majo askoa zen George: dirutza egin beharrean, bere xedea Bedfrod Falls-eko jendea laguntzea zenez, ez zen bere zordunak baino dirudunagoa eta jasotzen zuen mozkin xumeak kontuak berdintzeko besterik ez zion ematen. Langile-klasearen ardura eta gaitasunarekiko konfiantzan oinarritutako erakunde bat zen hura. Capra maisuak George Bailey pertsonaiari Mr. Potter bankaria kontrajarri zion. Jendearen diru beharrak are gehiago aberasteko baliatzen zituen zahar xuhurra. Bankuaren eredua bankuen errealitatearen aurka. Egia da, ez gara bizi Bedford Falls-en.
GEORGE BAILEY vs Mr. POTTER
Ez, ez gara bizi Bedford Falls-en, eta Geroge Bailey buru zuen sozietatea ez zen banku bat, Saving and Loan Association (S&L) delako bat baizik; alegia, hemengo aurrezki kutxen pareko erakunde bat. AEBko elkarte hauek hipoteka-krediturako kooperatibak izan ziren XX. mendeko lehen hamarkadetan sortu zituztenean; baina gerora, gehienak sozietate anonimoak bihurtu ziren, balore-merkatuetan errazago sartu ahal izateko. Goazen espekulatzera! Azkenean, betiko legez, Mr. Potter garaile. Baina dirudienez, gehiegi espekulatu zuten, eta 1980ko hamarkadan erakunde hauetako askok hondoa jo zuten. AEBtan, 1929ko depresio garaiaz geroztik, finantza kolapsorik handiena izan zen hura, eta 1999rako 150 mila miloi dolar baino gehiagoko kostua izan zuen.
ZILEGI AL DA DIRUTZA EGITEA?
Dena den, ezin ardura guztia bankuen gain utzi. Gu ere ez al gara espekulatzaile bihurtzen maiz? Begira bestela nolako arrakasta izaten duten sozietate piramidalek. Sekulako interesak eskaintzen dituzte, eta komisio mamitsuak banatzen dituzte koitadu berriak erakartzeagatik. Pozarren jasotzen ditugu irabaziak gero. Baina inork ez du galdetzen, edo ez du galdetu nahi izaten, ezerezetik nola sortu den etekin hori. Ez dugu galdetu nahi erantzuna begibistakoa delako: beste norbaiti jarri duena kenduz. Eta, tira, behin hasita, segi galdetzen. Zilegi al da dirutza egitea?
Dirua ez al da munduko baliabide naturalen abstrakzio bat? Azken finean, lur jabetza eta ustiaketa-eskubideen irudikapena da, ezta? Non bizi eta zer janaren neurria ematen duena. Haur Hezkuntzako ekonomia aplikatuz, horrek zera esan nahi du: norbaitek asko edukitzeko beste batek gutxi eduki behar duela, zeren eta banatzeko dagoen opila ez baita mugagabea. Opilaren erdia batek jaten badu, besteentzat apurrak. Bai, nire silogismo merkeen lehen emaitzetako bat da: dirutza egitea lapurtzea da. Beraz, Madoff kasua, Fórum Filatélico eta beste iruzur horietako batean kaltetuak izan zaretenoi: izorrai! Begirune handiz, baina, izorrai!
Lucio Urtubia anarkista nafarrak bankuei dirua kentzea berreskuratzea dela dio, inola ez lapurtzea. 18 milioi euro berreskuratu zizkion AEBko Citybank guztiahaldunari eta mundu osoko talde iraultzaileen artean banatu zituen. Harrapatu zutenean, kartzela ekiditeaz gain, diru gehiago eskatu zion bankuari bidaia txekeak faltsutzeko erabili zituen plantxen truke.
Aupa Lucio, ni zurekin!
Oharra: Ikus John Bird eta John Fortune umorista ingelesen parodia famatua. Ezin da hipoteken krisia hobeto esplikatu.
No comments:
Post a Comment